2013(e)ko martxoaren 12(a), asteartea

"Martxoak 3" elkartearen bozeramaileei elkarrizketa I

"Argi dago Martxoaren 3an gertatutako guztia aurrez aurretik pentsatuta zegoela" Andoni Txasko

1976ko martxoaren 3an, poliziak 5 langile erail zituen greba orokor baten igarotzean. Bertsio ofizialak poliziak egun horretan eta hurrengoetan eragindako sarraskia babesten zuen orain dela 37 urte, eta babesten jarraitzen du gaur egun. 
Egia, justizia eta konponketa eskatzeko helburuarekin sortu zen Martxoak 3 elkartea orain dela 14 urte, eta gaurkoan, 2011n ireki zen M3moria Gunean Martxoaren 8an egin nuen elkarrizketaren lehenengo zatia aurkezten dizuet, Andoni Txaskorekin izan nuen solasaldia hain zuzen ere.
Andoni Txasko elkartearen bozeramailea da, eta 1976ko Martxoaren 4an poliziaren indarkeria jasan zuen. Poliziak hiru lagunekin zebilela hartu eta emandako kolpeen erruz begi bat galdu zuen. 2006an 30. urteurrena ospatzen ari zela ere atxilotua eta epaitua izan zen.

Zeintzuk ziren zehazki 1976aren martxoan egiten ziren aldarrikapenak? Zergatik konbokatu zen Martxoak 3ko greba?
Martxoak 3ko greba arrazoi laboralengatik hasi zen: langile guztiei soldatak 5000 pta. igotzea, astean 38 ordu lan egitea, soldataren %100a kobratzea gaixorik zeudenean… ez ziren gauza gehiegi eskatzen. Baina aldarrikapenak oso azkar politikoak eta sindikalak bihurtu ziren. Kontuan hartu behar da momentu horietan ez zeudela eskubide eta askatasun ez politikorik ez sindikalik, eta horiengatik ere borrokatu zen.

Existitzen ziren momentu horietan edozein motatako aldarrikapen nazionalistarik?
Ez. Nik behintzat ez nuen bizi. Egia da batzuk sentimendu hori biziagoa geneukala beste batzuk baino, baina greba honen testuinguruan ez zen horrelakorik egon. Hala ere, kontuan hartu behar da greba egin zutenen artean ideologia guztietako langileak zeudela: sozialistak, nazionalistak… Horrez gain momentu horietan, nahiz eta gehienak ezkutukoak izan, alderdien atomizazioa izugarria zen.

Zein izan zen emakumearen papera Martxoak 3ko greban?
Metalurgiaren enpresetan bereziki ez zeuden emakume asko lan egiten, baina bazeuden emakumeen enpresak: Areitia adibidez kremailerak sortzen zituen emakumeen enpresa zen, eta grebara batu ziren berdintasuna eskatzeko. Urte horietan emakumeek nahiz eta gizonek egiten zuten lan berdina burutu ez zuten soldata berdina jasotzen. Zentzu horretan emakumeak greba horretan parte hartu zuten. Eta ez hori bakarrik: horietako batzuk oso paper garrantzitsua bete zuten grebaren barruan, izan ere, haiek izan ziren erresistentzia kutxa antolatu zutenak. Emakumeen mugimendu hau ez zen egun horretan geratu: gaur egun oraindik existitzen den Arabako Emakumeen Asanblada hortik sortu zen.

Polizia goiz-goizetik manifestaldien aurka joaten hasi zen?

Normalean, enpresa bakoitzak greba orokor baten atarian asanblada propioak egiten zituen non bertako langileek erabakitzen zuten grebara aterako ziren ala ez (martxoaren 3an grebaren jarraipena erabatekoa izan zen). Geroago gune industrial bakoitzetik zutabeak antolatzen ziren hiriko erdialderantz joateko. Zutabe hauetan poliziak indarkeria era basati batean erabiltzen hasi zen. Horrez gain, elizak goizetik inbadituak izan ziren asanblada ezberdinak burutzen ziren bitartean. Lehen balak goizean Gasteiz Hiribidean eta beste hainbat lekutan bota ziren, eta zaurituak erietxetara goiz-goizetik joaten hasi ziren.

Zer gertatu zen San Francisco eliza barruan?
Arratsaldeko 5etan San Francisco elizan asanblada orokorra deituta zegoen. Jendea goiz hurbildu zen elizara eta azkar bete zen. 5000 pertsona inguru zeuden barruan, eta beste hainbeste kanpoan geratu ziren. Bete zen momentuan, polizia agertu eta eliza inguratu zuen. Batek elizgizonari eliza hori hustu egin behar zela esan zion, baina honek barruan ez zela legez kanpoko ezer gertatzen eta handik ez zirela aterako erantzun zion. Orduan polizia elizara sartu eta eliza barruan kea eta gasak botatzen hasi ziren. Hau dela eta jendea erdi itota kalera ateratzen hasi zen, non polizia itxaroten zegoen jotzeko eta disparatzeko. Kanpoan zegoen jendea polizia erakartzen saiatu zen elizako atea libre utz zezaten, eta orduan, bai kanpokoen aurka eta bai barrukoen aurka hasi ziren tirokatzen.

Espero zen polizia zerbait egitea asanblada horren aurka?
Behin elizan sartzen utzi zutenean, jendeak ez zuen uste ezer gertatuko zenik. Asanblada hori ilegaltzat hartzekotan, polizia ordu erdi lehenago atean jartzearekin nahikoa baitzen. Horregatik, argi dago poliziak pentsatuta zeukala jendea barruan sartzen uztea gero langileen aurka tiroka hasteko.

Nori entzuten zaio irrati elkarrizketetan?
Ez dakit. Esan didatenez operazio guztia antolatzen zuen Quintana kapitaina zen, baina ez dakigu kapitaina hurbil zegoen Jeep edo autobus batean edo delegazioan zegoen. Hala ere, kontuan hartu behar da egun horretan Burgoseko, Logroñoko eta Valladolideko poliziak etorri zirela Gasteizkoak laguntzera; beraz zailagoa da oraindik jakitea nor zen hori guztia antolatzen zuena.

Nolakoak izan ziren hurrengo egunak?
Zaramagako tiroketak gertatu ziren momentu horretatik beretik, Gasteiz hartutako hiri bat zen. Hurrengo orduetan eragin ziren suntsitze gehienak, jendeak poliziaren aurka zeukaten amorrua erakutsi baitzuen.
Hurrengo egunetan polizia leku guztietatik ibili zen. Gainera, 3 pertsona baino gehiagoko taldeak disolbatzen zituzten behin eta berriro. Martxoaren 4an 3 lagunekin nindoan eta polizia gure kontra etorri zen. Momentu horretan indarkeria osoz, eta jakinda begian lesio bat neukala, aurpegian kolpe asko jaso nituen. Horietako batek begian jo zidan bete-betean eta hau galdu nuen. Hau dela eta argi dago aurreko egunean gertatutakoa ez zela beroaldi baten ondorioz gertatu; guztia aurretik pentsatuta zegoen.

Hiletetara jendea beldurrez atera zen?
Nire ustez jendeak momentu horietan ez zeukan beldurrik, amorrua baizik. Eta horren argibide da hileta-elizkizunetara 60000 pertsona baino gehiago hurbiltzea justizia eta egia eskatzen.

Nola uler daiteke martxoaren 4an Fraga Gasteizera etortzea biktimekin egotera bere polizia jendea jipoitzen jarraitzen zuen bitartean?
Ez da ulertzen lehen komentatutako planifikatze horretan ez badugu sartzen. Horrela Fragak Espainia osora zabaldu nahi zuen zer gertatuko zitzaien beste lekuetan Gasteizen jarraitzen ari ziren bideak jarraitzen bazituzten. Horregatik hona etorri zen bai poliziaren jokabidea berrestera eta bai gertatutakoa adibide bezala jartzera gobernuak jartzen zituen mugak apurtzen zituztenentzat. Eredu hori beste leku batzuetan aplikatu zuten hurrengo egunetan: Tarragonan eta Basaurin bi hildako egon ziren hurrengo egunetako manifestaldietan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...